Revista de prensa
[Castellano]
[Euskara]
[Français]
[English]

www.noticiasdenavarra.com (08/01/2006)

Familiaren jatorria bilatzen
   

mundu globalizatu honetan, non sustraiak historian galdurik gelditzen diren eta kultura arteko harremanen ondorioz herri nortasunak desagertzen ari diren, asko dira bere familia edo abizenaren jatorriaren bila hasi direnak. Euskal Herrian, historia luzen baten ondorioz, asko dira bere sustraiak ikertu dituzten herritarrak. Eta ez hemen bakarrik. Armarriak eta abizenen iturriak bilatzen dituzten elkarteak ugaritu egin dira azken urteotan mundu guztian zehar.

Antzinako Elkartearen kasua dugu hori. Udan sortu zen euskal abizenen jatorria bilatzeko asmoz eta orain web gune berri bat jarri du abian mundu guztiko euskaldunengana heldu nahaian (www.antzinako.org ). "Oraingoz hogeita hamar lagun baino ez gara, baina hazten goaz pixkanaka", azaltzen du Conchi Ainciburu elkarte kideak.

Bost helburu nagusirekin jaio da Elkartea. Lehenik eta behin, lan egiteko aukera duten eremuetan tokiko historia eta genealogiaren ikerketa eta zabaltzea sustatu nahi dute, eta gero, bildu eta sailkatutako genealogi dokumentazio guzti hori publikoari hurbildu. Horrekin batera, genealogia ikertzeko beharrezkoak diren tresnak erabiltzen erakutsi nahi diete elkarte kide berriei; herri ondare dokumentalaren defentsan lagundu nahi dute eta tokiko historiarekin erlazionatutako aktibitateetan jendearen partehartzea sustatu nahi dute. "Norberaren familiaren istorioak bilatzera animatu nahi dugu jendea, horiek baitira azken finean herri eta herritarren historia", azaltzen du Ainciburuk.

Helburu horretarako ezinbesteko papera jokatuko du urte berriarekin estreinatu duten web guneak. Hala ere, internet eskura ez dutenentzat, edota erabiltzen ez dakitenentzat, sarean informazioa nola bilatu ikasteko jardunaldiak antolatuko ditu Antzinakok. "Sei hilabetero buletin bat kaleratzeko asmoa dugu eta gure ikerketarekin zer ikusia duen edozein ekitalditan parte hartzen saiatuko gara", gaineratzen du elkartekideak. Baina hastapen guztiak zailak direnez, "pausoka" joan behar direla onartzen du Ainciburuk. "Lehenengo gure web gunea osatzen joango gara, eta hortik zaletasun berdina dutenak animatzen saiatuko gara".

Euskal genealogiarekin erlazioa duten loturen bila dabiltza oraingoz, eta leinuen inguruan egindako ikerketak aurkezten. Zentzu horretan, Gen v-n foroan hasitako eta Euskal Abizenak atarian argitaratutako lana berreskuratu dute. Ekimen guzti hauek antzinako.org web gunean izango dira eskuragarri. Horretaz gain, genealogistentzako zenbait atal ere izango dira, batzuk sartze publikokoak, eta beste batzuk bazkideentzat soilik. Antzinako Elkartearen ekimen honetan parte hartu nahi duenak e-mail bidali dezake info@antzinako.org helbidera. Bazkide kuota 10 eurokoa da.

(Última modificación de esta página 19/3/2006)